Mapas Pirenaicos 1:25.000 bilduma berriak Aizkorri-Aratz aldeari dagokion mapa eta liburuxka argitaratu ditu. Eremu hori oso maitatua da euskal mendizaleen artean bere baitan hamaika paraje eder eta malkar biltzen dituelako: Gipuzkoako tontorik altuena (Aizkorriko gandor lerroa), Urbiako zelaiak, Aratz mendi harroa, Altzaniako pagadi zabalak eta urek eta haitzek auzolanean sortutako arlenaka: Degurixako larreak, Lezeko haitzuloa...
Bilduma honetan ohi den bezala, mapak alderdi horretako seinaledun ibilbide guztiak eta Gorka Lopezek proposatutako txangoak islatu ditu. Azken horiek liburuxkan ageri dira zehatz-mehatz azalduta. Kartografia Miguel Angulok egin du, teknika aurreratuenak baliatuta. Gorka Lopezen txango guztien trackak web gune honetan bertan egongo dira laster eskuragai.
Formatua: Mapa irekia, 970 x 675 mm. Liburuxka, 140 x 180 mm. Liburuxkak dituen orrialdeak: 56. |